Erabiltzailea
Gakoa

Donibaneko ZIKLOTURISMOA

 

Nola sortu zen elkartea?

 

            Koka gaitezen 1979. urtean. Garai hartan, zikloturista batzuk “irteerak” egiten genituen igandeetan, baina ez erregulartasunez, eta horrexegatik Pedro Maria Garayarrek irteerak Oiartzungo Lartaungo zikloturistekin egiten zituen, haiek erregulartasunez egiten baitzituzten, aurrez adostutako egutegiaren arabera.

            Bizikletarako zaletasun handia zuen batetik, eta bestetik, gogo bizi hori beste batzuekin partekatu nahi zuen, eta horregatik sortu zitzaion gure herrian zikloturista elkartea sortzeko ideia.

            Bazekien horretarako bere moduko jendea inplikatu behar zuela, eta lan horrixe ekin zion. Beraren lehen “biktima” Jose Maria Intxausti izan zen; hura konbentzitu nahi zuen gero hark anaia, Juan Intxausti, konbentzi zezan elkarte bat sortzeko egin behar diren izapide burokratikoez ardura zedin.

            Pedro Maria Garayarrek bazekien Juan Intxausti berme garrantzizko bat zela elkartea sortzeko ideia gauza zedin; izan ere, garai hartan Donibane Elkarteko burua zen, eta Eskubaloiaz, Futbolaz eta Adinekoen soinketaz arduratzen zen, besteak beste.

            Uste izan zitekeen bezala, hirukoteak oso ongi funtzionatu zuen eta Donibane elkarteko Zuzendaritzak kirol aukerak zabaltzea erabaki zuen, eta Txirrindularitza Federazioan afiliatu eta zikloturista saila sortu zuten.

            Elkartearen historia osatzen dugun zikloturista guztiok badugu data bat oso gogoan hartzekoa eta inoiz ez ahaztekoa: 1979ko uztailaren 17a

 

            Donibaneko zikloturismoa jarri zen lasterketaren irteera lerroan, eta kirolean ohikoa ez bada ere, lasterketa hori ez litzateke inoiz amaitu behar, iraun eta iraun egin beharko luke denboran.

            Esan dezakegu oraingoz lortu dugula, 28 urtez jarraian lasterketan mantendu dugunez gero, pedalei gogotik eragiten, zailtasunak zailtasun.


Denbora lasterketa hasten da

 

            Koka gaitezen 1980ko martxoan. Data horrexek markatzen du Donibaneko zikloturismoaren benetako ibilbidea, irteera-egutegia adostua eta 31 zikloturista bazkide.

            Garai hartako kezkarik handiena gaztetxoenen segurtasuna bermatzea zen. Horretarako, irteeretan laguntza-auto bat eramaten zen, gehienetan gaztetxoren baten aitak gidatu ohi zuena.

            Bestalde, ahal zela, atzealdean bat edo bi beterano joan ohi ziren, gaztetxoenak, entrenamendu gutxi egiteagatik edo besterik gabe gaztetxoegi izateagatik, taldetik kanpo gera ez zitezen kontrolatzeko. Hura bai zela zikloturismoa!

            Gogoratu, bestalde, irteerak beti 100 km. azpikoak izaten zirela, eta irteera ordua goizeko zortziak.

            Egutegia egiteak zailtasun bat ekartzen zuen; aurreko irteeretan bisitaturiko lekuetara berriz ez joatea. 28 urtetan 850 irteera egin ondoren, irteerak “ez errepikatzea” erronka gero eta zailagoa da, baina oztopo hori gorabehera, urtero agertzen dira “txoko” berriak.

            Zaletasuna eta gaztetasuna benetan handiak zirenez (beteranoenak ez zituen 45 urterik), eguraldi txarra eginagatik, irteerak egin egiten ziren.

            Gogoratu behar da helmugan bi betebehar garrantzizko bete behar zirela:

            *Batetik, seilua jotzea.

            *Bestetik, “salda” eta gainerakoak, egungo barratxo eta edari isotonikoen ordez, “alai” itzultzea bermatzen zutenak, deshidratazioagatik “pot egin” edo ahulaldiak jo gabe.

 

Tourmalet

Desilusioaren aurkako sendagaia.

 

            Jakinda zikloturismoak leku berriak ezagutu eta esploratzea esan nahi duela, eta bazkide bakoitzaren baitan ilusioaren garra piztua mantentzeko erronka berriak jartzea oso garrantzizkoa dela, txangoa antolatu zen Pirinioetako mendi mitiko horretara, elkarteari merezi duen nazioartekotasuna emateko.

            Hasieran lehenbiziko irteerak zikloturista gutxi batzuen kontua izan ziren, hiru edo lau lagunenak, eta ostatu eta atseden-leku gisa Lourdesko Betarran hotela hartu zuten.

            Haiek martxan jarri zuten ahoz ahoko marketingak arrakasta izan zuen eta tourmalet-zaleen kopuruak gora egin zuen nabarmen. Esan dezakegu espedizio batzuetan Errealeko jokalari ohiek hartu zutela parte.

            Parte-hartzaileen kopuruak gora egiten zuen pixkanaka eta “Donibane Elkartea”-ri iruditu zitzaion Tourmaleteko irteera elkarteak antolatu behar zuela, eta hasteko, bazkideentzat, nahiz eta atea ez itxi bazkide ez zirenei.

            Gaur egun ezin da pentsatu ere egin egutegirik Pirinioetarako irteerarik gabe, eta horko irteera nagusia Tourmaletera da, jakina. Gaur egun finkatuta dagoen data da ekaineko lehen asteburua, eguraldi aldetik seguruagoa delako; irailean edo maiatzean egindako irteera batzuetan gertatu izan da itxita egotea elurragatik.

            Urteetan istorio asko bizi izan ditugu eta denek merezi dute idatziz jasotzea, baina ezinezkoa zaigunez, zinema-argotean esan ohi den moduan “gidoi arrazoiengatik”, bi jasoko ditugu, eta horien bitartez espero dugu gogoratuko dituzuela Tourmaleten bizi izandako pasadizo guztiak.

 

Lehen istorioa

 

            Lehenbizi gogora ekarriko dugu elkarteko zikloturista talde bat “galdu” zeneko hura, bidegurutze batzuetan bide okerra hartu eta noraezean ibili zirenekoa, Frantzian barrena, eta okerrago zena, non zebiltzan ederki asko nabarmendurik, burrundara ederraz, autoaren matxura batek ihes hodirik gabe utzi zituelako. 5 ordu beranduago heldu ziren ostatura, hots, Betarran hotelera.

            Baina ez zen hor bukatu istorio zirraragarri hura. Jada eroso hotelean, okerrena igaroa zela pentsaturik, piknik mundiala egin zuten, garrafoian ondo zainduta eraman zuten ardoz bustirik.

            Bidaian jasan behar izan zituen “berotuengatik” pentsatu zuten hoztu egin beharko zela bihotzerrea saihestearren, baina, kontua zen, nola hoztu. Handik ibaia igarotzen zenez, pentsatu zuten irtenbidea huraxe izan zitekeela. Lotu zuten arreta handiz bonbilla kristalezko hori eta uretan sartu zuten, urak bere zeregina egingo zuelakoan. Halaxe izan zen lehen tragoetan, fresko-freskoa, zoragarri sartzen zen, baina konfiantza aurrera zihoan neurrian eta botila gero eta hutsago, ibaiak gero eta errazago zuen bertan jarria bereganatzea eta halaxe egin zuen, aurrean eraman zuen, txundituta utzirik, mama goxorik gabe. Etsai gehiegi izan zituzten aurka: bidegurutzeak, autoa eta ibaia.

 

Bigarren istorioa

 

            Beste istorio batek elkarteko bi zikloturista zeuden hoteleko geletako batera garamatza, atseden hartu beste egitekorik gabe zeuden gelara. Haietako batek besteari edariren bat eskaini zion (dopagarria ez, noski) hurrengo goizean Tourmalet igotzeko indarra eta kemena izateko baliagarria omen zena.

            “Biktima”-k delako edabe horrek on egingo ziola etsi-etsirik, eskaintza onartu zion. Hurrengo goizean, ibilbideari ekin baino lehen, edan zuen bada edabe hori, erabat konbentziturik goiz horretan beraren izena elkarteko igotzaile handien liburuan inskribatzea lortuko zuela.

            Dena zoragarri zihoan, eta edabe-edaleak erantzun ahal izan zion ezezagun batek tropelari jo zion erasoari Tourmalet bidean. Gure heroia erbi txakurra erbiaren atzetik bezala atera zen, ziztu bizian iheslariaren atzetik.

            Gainerako txirrindulariak beren martxan zihoazen, aurrean zer pasatzen ari zen ez zekitela. Minutuak aurrera eta elkarteko “ziztubizi-harrapatzailea”-k “eraso-jole” ezezagunaren gurpilean jarraitzen zuen, bere kirol “ego”a handitzen.

            Tourmaleteko igoera hasia zen kilometro batzuk lehenago, eta bost gelditzen ziren gailurrera heltzeko, eta gure heroiaren arrastorik gabe jarraitzen genuen.

            Halako batean, bihurgune batean non ikusten dugun bizikleta “botea” eta haren jabea abaildua, gaizki esaka lagun bihurriak eman zion edabe txarragoagatik.

            Tropelean barreak ziren nagusi, ausardi kolpe bortitzez mendi tzarrari “ordago” jotzen ausartu zena bere ausarkeria ordaintzen utzita, txirrindulariek aurrera egiten zuten bitartean.

 

  Donibane Zikloturista - Nola sortu zen