Erabiltzailea
Gakoa


IKASTURTE HASIERA:

Ez dira berriak Donibanen, baina berritua izango da beren jarduna aurrerantzean. Tximista, Donibaneko elizaren baitako aisialdi taldea izan da urteetan. Orain, aisialdian lanean jarraituko dute taldeko begiraleek, baina elizaren jardunatik aldenduta. «Lehen 12 eta 15 urte arteko gazteentzako zen taldea. Katekesia bukatu eta Tximista aisialdi taldera pasatzen ginen. Orain, elizatik bereizi eta txikiagoei zuzenduko diegu gure jarduna», azaldu dute taldeko begiraleek. 8 eta 13 urte artekoekin lan egiteko asmoa dute orain. Izan ere, helduagoentzako eskaintza nahikoa badela iritzi diote: «Kuadrilategi eta Gaztelekua badaude martxan haientzat».
Taldearen helburu nagusia haurrak ondo pasatzea izango dela eman dute aditzera, eta noski, bide batez, heziketan laguntzeko asmoa dute. Begiraleak, zazpi neska eta hiru mutil, aisialdi mundutik datoz guztiak. Eskarmentua dute lanean, gehienak, Tximistako partaide izan direlako aurretik, eta bolondres arituko dira haurrekin lanean. Elizatik aldenduta, ezingo dute aurrerantzean orain arte zuten lokala erabili, baina Udalak lokal berri bat erraztu die, J.J Otaegi plazan, Gaztelekuaren goialdean. Hala ere, lokalak egoki lan egin ahal izateko baldintzak ez dituela biltzen azaldu dute. Beraiek ari dira konponketa lanak egiten. Komuna egokitu dute eta argiteria ere konpontzen ari dira. Hala ere, eguraldiak baimentzen dienean behintzat, kalea izango dute topagune, eta tailerrak egiteko, Lizeoko Haur Hezkuntzako eraikinean dagoen hirugarren pisuko gela bat erabiliko dute.
Ikasturte berria
Ikasturteko lehen hitzordua urriaren 20an dute. Egun horretarako irteera antolatu dute Jaizkibelgo Arrokaundietara. Aurretik, baina, zenbat haur joango diren jakin nahi dute begiraleek, eta horregatik, izen-emate egun bat finkatu dute. Urriaren 15ean izango da, Tximistaren lokalean, 18:30etik 20:30era.
Larunbatero biltzeko asmoa dute, arratsaldez. Txandakatu egingo dituzte jarduerak: «Egun batean jolasak, hurrengoan tailerrak, joko erraldoiak ere prestatuko ditugu, eta baita irteerak ere».Gazteak motibatzea gero eta zailagoa dela iritzi diote. Horregatik, «betiko jolasei beste buelta bat eman» eta haurrak erakartzeko eraginkorragoak izango diren batzuk prestatzeko ahalegina egiteko asmoa dute ikasturtean. Aisialdi taldeko begirale guztiek dakite euskaraz, eta euskaraz burutuko dituzte beren jarduerak. «Normalean hala izaten da, baina noiz edo noiz etorri da norbait euskaraz ez dakiena. Horri erdaraz egiten zaio, baina jolasak beti euskaraz azaltzen ditugu, eta euskaraz egiten dugu lan», azaldu dute.

  Tximista Aisialdi Taldea - Berriak